Thursday, June 30, 2016

Jaiotze data eta umeen arrakasta

Urte asko daramatzat irakaskuntzan eta kirol munduan eta jaiotze datak ume eta gazteengan duen eragina nire aspaldiko kezka da.



Eskolak zein kirol kategoriak jaiotze dataren arabera antolatzen ditugu gure gizartean. Adin txikikoentzat urtarrilean edo abenduan jaiotzeak alde nabariak suposatu dezake bere garapen psikomotorrean.  Zenbait ikerketen arabera ikasketetan zein kiroletan urte hasieran jaiotakoek emaitza hobeak lortzen diuzte.

Hezitzaile zein entrenatzaileok ez badugu hau kontuan hartzen ondorioak dramatikoak izan daitezke umeentzat. Eskolan urte berean jaiotakoak elkartzeaz gain hauen garapenari lotutako eskakizun maila ere berdindu egin dugu, gauzak honela, 7 urteko ume guztiak irakurtzen jakin behar dute eta zenbaki bateko batuketak egiteko gai izan behar dute  baita ere. Eta hala ez bada, zer? Frustrazioa, atzerapena, eta frakaso sentsazioa. Kirolean ere antzera, ume bakoitzaren garapenari kasu egin beharrean denak multzo berean sartu eta sailkatzen hasten gara. Horrela, neska-mutil garatuenak talde hoberenetan kokatzen ditugu eta arrakasta izatearen ondorioz hobetzen eta ahalegintzen jarraitzeko motibazioa handitzen dute. Urte bukaerakoak edo garapen berantiarra dutenak berriz, beti atzetik joatera ohitzen dira eta maiz kirola egiteari uzten diote.

Umeekin lanean ari garenok ume bakoitzaren garapena desberdina dela presente izan behar dugu. Gizakiok  ez ditugu gure abileziak, pentsamendu logiko-abstraktoa edo garapen fisikoa abiadura berdinean garatzen. Ideia hau erabat zentrala izan behar du gure jardunean.

Umeen erritmoak errespetatuz eta garaian dagokion estimulua eskainiz bere potentzialidade osoa garatzeko aukera emango diegu. Homegeneizatuz eta adin multzotan sailkatuz ume askok ez dute bere osotasunean garatzeko aukerarik izango.


EHUn gai hone inguruan zabaldu duten ikerketa lerroa interesgarria izan daiteke.